Informazio praktikoa
Oñatiko Turismo Bulegoak bisita gidatuak antolatzen ditu Oñatiko herrigunea eta historia ezagutzeko. Sancti Spiritus unibertsitatean eta San Migel elizan hasi, eta herriko kale eta jauregi esanguratsuenak ikusteko aukera ematen du. Bisita Bidaurreta monasterioan amaitzen da.
Informazioa jaso eta erreserba egiteko, jarri harremanetan Oñatiko Turismo Bulegoarekin (943 783 453 / turismo@onati.eus).
Eraikin gotiko-errenazentista, 1510-1520. urteen artean eraikia, eta Juan Lopez de Lazarraga, Errege Kontseiluko idazkari eta Errege Katolikoen kontulari nagusiak fundatua. Klaratar lekaimentzako klausura komentu bat izanik (frantziskotarren ordenakoa), pobretasun botoa nabarmentzen da eraikinaren soiltasunean.
Monumentu historiko-artistiko izendatua dago 1980tik. Bertako elizako erretaula ere, XVIII. mendeko rokokoa, monumentu izendatua dago.
Gotiko isabelino estiloko eliza honek nabe bakarra eta gurutze formako oinplanoa ditu. Eliza Palentziako Katedralean lanean aritu zen Juan de Ruesga arkitektoak eraikia da. Kanpoaldeko dekorazioak ezaugarri hauek ditu: bolak (Gaztelako motibo tipikoa) eta errege-erreginen armarriak, ordena nagusia eta fundatzaileak.
Erretaulak
Bi erretaula dira aipatzekoak. Nagusiena barroko rokokoko (1753) estilokoa da, oparoa eta originala. Urreztatu gabeko egurraren gainean, Ama Birjinaren koroazioa dugu ikusgai, balkoi hegaldun batean kokatua. Gainontzeko eskulturen artean, Ordenaren Santuak ditugu, hiru solairu osatzen duten koadroetan banaturik. Bestea, gaur egun fundatzailearen hilobiaren ondoan kokatuta dagoen erretaula platereskoa (1533) dugu. Kronologikoki, Gipuzkoako lehen erretaula errenazentista da eta arte balioari dagokionez lehenetakoa. Lehen gorputza Testamentu Berriari buruzkoa da, eta bigarrena, Zaharrari buruzkoa.
Hilobia
Fundatzaileen hilobia, nahiko xumea da. Eta 218 hilobi gehiago daude elizan, Oñatiko beste hainbeste familiarenak.
Sevillako Katedraleko planoa Bidaurretan
Nabarmendu behar da, 2008an komentuan Sevillako Katedral osoaren planorik zaharrena aurkitu zutela.