Informazio praktikoa
  • Azalera; 15.919 ha.
  • Aitorpen urtea: 2006
  • Babes tresnak: Parke naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE)
  • Gehieneko garaiera: 1.550 m
  • Sarbidea: Arantzazuko Parketxea

Informazio gehiago

Aizkorri-Aratz mendilerroak Kantauri-Mediterraneoko uren banalerroko mendirik garaienak ditu, besteak beste, Aitxuri (1.551 m) eta Aizkorri (1.523 m). Horiek eta beste zenbait tontorrek mendigune ederra eta galanta osatzen dute eta erreferente dira euskal mendigoizaleentzat. Naturaguneak 16.000 hektarea hartzen ditu eta Arantzazuko Santutegian du sarrera edo "ate nagusia".

Kareharrizko mendi hauetan sortzen dira Gipuzkoako hiru ibai nagusi. Hemen oso nabarmenak dira fenomeno karstiko eta paisaia-fenomenoak. Bertan, besteak beste, lurpeko uren zirkulazioak sortutako 15 km-ko galeria-sare handiak daude. Ezagunak dira, adibidez, bisitak jasotzeko prestaturik dauden Arrikrutz-Oñatiko Kobak. Ametsezko bidaia eta ibilbideak.

Aizkorri-Aratz Parke Naturalean aire zabaleko aztarnategi ugari daude. Ondare historiko-kulturalaren aldetik duen interesagatik nabarmentzen da parke hau.

Pottokaleku-3.jpg
Arrikrutz-4.jpg
Arrikrutz-7.jpg
Arrikrutz-9.jpg
Arrikrutz-14.jpg
BelarAloña-9.jpg
BelarAloña-10.jpg
BelarAloña-32.jpg
BelarAloña-35.jpg
Natura-10.jpg
Natura-19.jpg
Natura-23.jpg
Natura-27.jpg

Parketxea eta Interpretazioa Zentroa

Arantzazu Parketxea, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa, Arantzazu Santutegiko Gandiaga Topagunea II. eraikinean aurkituko dugu. Bisitarientzako harrera-gunea izateaz gain, 640 m²-tan eta hiru solairuetan banatuta dago. Bertan, Parkeko baliabide aipagarrienak ezagutzera ematen dira. Horretarako teknologia berriez hornituriko erakusketa iraunkorra, gela didaktikoak eta euskarri interaktiboak daude. Parketxetik bertatik abiatu gaitezke bidezidor zein mendi ibilbideetara, besteak beste, Gomiztegi baserrira, Urbiako zelaietara (fonda eta ermitan) eta Aitxuri edo Aizkorri gailurretara. Informazio gehiago

Parke Naturala

Naturagune horren barruan, mendilerro luze bat ageri da, ekialde-mendebalde noranzkoan. Mendilerro horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko gailurrik garaienetako bat dago (Aitzuri, 1.550 m), eta isurialde kantauriarraren eta mediterraneoaren arteko muga da; gainera, Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoak banatzen ditu.

Kareharri urgondarrek osatzen dute substratuaren gehiena, eta erroka horien higadurak egitura karstiko ikusgarriak sortzen ditu: gailurrak, dolinak, torkak, lapiazak, sakanak eta abar. Horien artean, leku ospetsuak dira, hala nola Lezeko zuloa, San Adriango tunela, Urbiako sakonunea, Arantzazuko erroitza... Elgea-Urkilan, berriz, substratua aldatu egiten da eta hareharriak nahiz buztinak agertzen dira azalean eta, hortaz, paisaiak mazela biribilduak ditu eta erliebea konkortsua da.

Parke Naturalean, baso autoktono bikain eta zabalek iraun dute gaurdaino: pagadiak, haritz kandugabez (Quercus petraea) osaturiko hariztiak... Mendietako eremu garaienetan, zuhaitzak bakanagoak dira eta, horien hordez, belardi menditarrak eta txilardi-otadiak agertzen dira maiz, mendi horietan ohikoa den ardi latxaren etengabeko larratzearen zioz sortutakoak.

Iparraldeko isurialdeko landazabaletan, euskal baserriari lotutako mosaiko erako paisaia ohikoa ikus daiteke. Bertan, zelaiak, baratzeak eta fruta arbolak ageri dira nagusiki eta, horien artean, intsinis pinuek osaturiko unada txikiak ikus daitezke. Mendi-mazela batzuetan, koniferoen sailak azalera handietan hedatzen dira.

Kareharrizko geruzetan, oso flora berezia hazten da, Kantauriko eta Pirinioetako mendi garaietako endemismoz josia. Interes botaniko handiko beste habitat batzuk substratu silizeoei atxikitako zohikaztegi hasiberriak ditugu, kasurako, Arbarraingoa (Altzania).