Informazio praktikoa
Oñatiko Turismo Bulegoak bisita gidatuak antolatzen ditu Oñatiko herrigunea eta historia ezagutzeko. Sancti Spiritus unibertsitatean eta San Migel elizan hasi, eta herriko kale eta jauregi esanguratsuenak ikusteko aukera ematen du. Bisita Bidaurreta monasterioan amaitzen da.
Informazioa jaso eta erreserba egiteko, jarri harremanetan Oñatiko Turismo Bulegoarekin (943 783 453 / turismo@onati.eus).
Oñatiko parrokia nagusia da San Migel Goiaingeruaren eliza. XV. mendeko eraikina da (aurreko beste eraikin baten gainean eraikia) eta bertako kapera batean, Pietatearenean, erretaula pizkundetar bat du, Euskal Herriko onenetakoa dena.
Eliza gotikoa da, hiru nabekoa, erdikoa alboetakoa baino garaiagoa. Zutabe zilindrikoek banatzen dituzte nabeak.
Elizak barruan gordetzen dituen ondasunen artean, nabarmentzen dira erretaula zenbait, eta bi hilobi ere bai, Petri Velez Gebarakoa eta Aiarakoaren XV. mendeko hilobia (kriptan dago), eta Rodrigo Mercado Zuatzola apezpikuaren hilobi monumentala, XVI. mendekoa.
Klaustroa aparta eta berezia da, Ubao errekaren gainean eraikia. Estilo gotiko flamigeroa du. Zuatzolak berak diruz lagundu zuen eraikitzen, bere hilobi kapera elizan bertan egitearen truke.
Dorrea neoklasikoa da, kareharri grisezkoa eta Manuel Martin Karrerak eraikia. Eliz atari nagusia bezala 18. mendekoa da, baina ataria barrokoa da.
Aldare nagusia
Aldarea azpimarratzeko elementuen artean dago. Haren erretaula nagusia estilo barroko churrigueresco-a da, San Migel Arkanjeluaren omenez egina, eta Juan Bautista de Susoren lana.
Kripta
Aldare nagusiaren azpian, XVII. mendeko kripta dago, Gebarako kondeen hilobi lekua. Bertan, estilo gotikoa duen Pero Vélez de Gebara jaunaren harzurizko hilobia aurkituko dugu.
Pietatearen kapera
Aldare nagusiaren albo batean dago, estilo errenazentista du. Aipatzekoak dira Rodrigo Mercado de Zuazolaren hilobia, Pierres Picart-ek egindako obra; eta mausoleoa, Diego de Siloé Granadako Katedraleko arkitekto eta Burgoseko Katedraleko Urrezko Eskaileretako eskultore izan zenaren obra, Filabres-ko marmolean egindakoa. Estilo platereskoa duten erretauletan (1533-1536), Testamentu Berriaren hainbat eszena agertzen dira; eta, azkenik, itxiturako burdin hesi platereskoaren goiko aldean Jesús izaran batu zuten unea agertzen da. Arte kontuetan, kapera hau Euskal Herriko hilobi-multzorik aberatsenetarikoa da.
Klaustroa
Nabarmentzekoa klaustroa da; aparta, erreka gainean eraikita baitago (Ubao erreka). Estilo gotiko flamigeroa du. Rodrigo Mercado de Zuazolak klaustroa bera eraikitzen diruz lagundu zuen, bere hilobi kapera egitearen truke.
Sarrera nagusia eta dorrea
Elizaren azken eraikuntzak dira: sarrera nagusia, estilo barrokokoa eta dorrea, neoklasikoa; biak XVIII. mendekoak.
Oñatiko erretaulak
Oñatiko erretaulen ondare balioa azpimarratu behar da. Honako hauek bisitatzea gomendatzen ditugu: erretaula platereskoak, Sancti Spiritus Unibertsitateko kaperakoa (XVI. mendekoa), San Migel Parrokiako Pietatearen kaperakoa (estilo honetan, Euskal Herriko lanik onena) eta Bidaurretako Monasteriokoa; Bidaurretako eta San Migel Parrokiako erretaula nagusi barrokoak (XVIII. mendea), eta azkenik Arantzazuko Santutegiko erretaula nagusia (XX. mendea).